BILATU

domingo, 27 de febrero de 2011

ELIZKIZUNAK LAIKOEN ESKU

Versión en español.

Arrasateko Garagartzako San Migel elizaraino hurbildu naiz gaur goizean. Lekuko izan nahi nuen, herriko eliz-batzordeak hartutako erabaki baten ondorioan: apaizik ezean, auzoetako elizkizunak burutzea gero eta konplikatuagoa denez gero, igandeetako ofizioak laikoen esku geratzen ari dira.

Lagunak ditudan Arantza Ezkurrak eta Joxe Eugenio Otaduyk lehen aldiz hartu dute ardura osoa elizkizunean. Eta nota altuarekin gainditu dute erronka. Gaurkoan Joxe Eugeniok zuzendu du zeremonia, baina hurrengoan Arantzak hartuko du lema. Lauzpabost arrasatear bikote dira dagoeneko elizaz eliza ari direnak.

Honetaraino albistea. Eta horrek hausnarketa txiki bat merezi duelakoan nago. Eliza egunetik egunera gorriagoak ikusten ari da, berrikuntzarako gaitasunik ezean erabat galduta. Eta gainera, badirudi ardatz berdinaren inguruan bueltaka ari dela, gero eta uzkurrago, gero eta zaharkituago. Elizari bere leihoak irekitzeko premia gainezkatzen ari zaio, eta gure tenpluetatik osteratxo bat egitea besterik ez da egin behar, diskurtso monokorde eta anakronikoek zein mesede gutxi egiten dioten ikusteko.

Bi mila urte pasatxo iraun duen erakundea egundoko krisi sakonean erori zen iragan mendeko erdialdera eta egoerak ez du hobera egin, ezta horretarako borondaterik ote duen erakutsi ere, txarrena dena. Oinarriko kristauok penaz begiratzen diogu, multiesklerosiak jota burua jaiki ezinik dabilen elizari. Datorren urtean mende erdi bat izango da, II Batikano Kontzilioa ireki zela, eta haize freskoa ekar zezakeela zirudien gertaera hari frenorik astunena jartzen saiatu dira, Juan XXIIIz geroztik izan diren gainerako goi eliz-agintarien aldetik. Oraindik orain, dagokigun gotzainak etsipenezko sutzarrera egur gehiago bota zuen, “mugitzen dena, infernura!” adierazi nahi izan balu bezala.

Egia esan –eta bekatu larriren antza har dezakeen arren- kristautasun humanistaren bideetatik ibiltzeko ez dut eliza ofizialaren beharrik. Tenplurik egokiena nork bere baitan eraiki dezakeena delakoan nago, lagun hurkoarenganako begirunetik darion giza-arautegia zintzo bete izanik.

Arantza eta Joxe Eugenioren gaurko otoitzekin berriago sentitu naiz.


Ikusi bideo hauek:

http://www.youtube.com/watch?v=MC4xMGpBmAk

http://www.youtube.com/watch?v=kowLFm6k4As

http://www.youtube.com/watch?v=7ivN3xQeNAI&feature=player_embedded#at=133

http://www.youtube.com/watch?v=SSIY6kvuVNA

No hay comentarios:

Publicar un comentario