BILATU

jueves, 17 de febrero de 2011

BALIO ERANTSIA BAKE PROZESUAN


Seguru nago Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak ez dakiela zer den balio erantsi kontzeptua. Bestela ezin daiteke esan, bota berri duen astakeria. Brian Currinen taldeak Euskal Herriko bake prozesuaren berreraiketan ez duela balio erantsirik ekartzen adierazi du Jaurlaritzaren izenean, eta –nolabait ere- Madrileko Gobernuaren izpirituari helduz.

Nik dakidanez, materia hila da balio erantsirik eskaintzen ez duen bakarra. Gainerako guztiak, neurri handian zein apalagoan, egiten dute. Balio hori, kasu batzuetan negatiboa izan daiteke. Baina izan, bada. Horregatik ezin dut ulertu Mendiarenaren gisako harribitxi iluna.

Nik uste dut edozein agintarik –batez ere agintea gizarte zibiletik iritsi zaiolako- ontzat eman behar dituela gizarte zibilean modu operatibo positiboan sortzen diren ekintzak. Eta gure gizartea, inoiz baketuko bada, denen beharrean dagoelakoan gaude asko. Agintariak eta beraiei aginte eman diegunak, den-denak aritu behar dugu bizikidetzak exigitzen dituen gutxieneko baldintzak lortzeko. Eta gizarte zibilak begi onez ikusten du Currin edo beste edozeinen ekarpena, onerako bada.

A! Eta bi alde ados ez daudenean, arbitrajera jotzen da normalean. Horrela izan da gure herriaren historian, foruetatik hasita. Nik ez dakit noiz izango den, baina seguru nago Euskal Herriaren gatazka politikoari irtenbide emateko, inoiz arbitrajera jo beharko dela. Eta inork ez luke beldurrik izan beharko, azken finean bizikidetza baketsuaren mamia, komunikazioaren bitarteko elkar ulertzean datza. Eta poliki-poliki, euskal gizartearen agente guztiok horra apuntatu beharko genuke, hots, pentsamolde, sentimendu, nortasun eta identitate desberdinen arteko elkarkidetza positibo eta emaritsura.

“Tunel baten irteera” idaztirako (http://txemax.blogspot.com/2011/02/tunel-baten-irteeran.html) erabilitako argazkia atera nuen toki berean egin dut gaurkoa. Eta biak alderatuz, diferentzia bat dago agerian: pintada desagertu da. Norbaitek balio erantsia jarri dio bake prozesuari. Hartu nota, Mendia andrea!

No hay comentarios:

Publicar un comentario