BILATU

lunes, 14 de febrero de 2011

PATINETEZ IKASTETXERA



Deba Goienako astekari batean gaur atera behar zen hementxe doakizuen nire ekarpentxoa. Ez dakit publikatu ote den, arratsaldeko 3:15etan ez baitidate oraindik ekarri aldizkaria eta, beraz, ezin dut ziurtatu inork irakurri ote duen. Nik, bada ezpada ere, hona aldatzen dut idazkiñoa.

“Paseatzen ari nintzen lehengo goizean, Arrasate-Eskoriatza ibilbidetik eta Almen Ikastetxeko inguruetan espektakulu berri baten egiaztapenak harrapatu ninduen. Ikasleak ziren, ikasle gaztetxo ugari, eguneko betebeharretara patinetez zihoazenak. Ikuskizun bitxi hark zenbait gogoetarako aukera eman zidan, eta horietako batek nire haurtzarora eraman ninduen.

Hain zuzen ere, Arrasateko biatoristen ikastetxean ari gineneko denborak ziren, eta Aretxabaletatik ikaskide batzuk zetozkigun egunero, bizikletaz. Gogoan dauzkat, euria eta eguraldi kaxkarraren kontrako kapa luze haietan babesturik, bi herriak bereizten zituzten lau kilometroak gaindituz. Pedalez-pedal atera zituzten aurrera ikasketak.

Almeneko gaztetxoek irribarre gazi-gozoa lorarazi zidaten, tramankulu toleskorrari seriotasun osoz zangoen indarrarekin abiadura ematen zioten bitartean. Diferentzia bat dago bi aldietako kasuen artean: nire ikaskideek behartuta erabiltzen zuten bizikleta; oraingo neska-mutiko horiei, ordea, modak ekarri die patinetea. Dena den, niri orain bezala, ziur nago berrogeita urte barru eurek ere oroituko dituztela nostalgiaz oraingo joan etorriak”

Bertako irakasle batek aitortu didanez, modak arazo bat ekarri du: patineteak aparkatzeko toki egokirik eza . Ez dezatela burua gehiegi nekaraz esan nion. Modak, datozen bezala joan egiten dira-eta. Dena den, oraingo honek dirauen bitartean, txalo beroa gaztetxoei, gorputza astintzeagatik.

Cursiva

No hay comentarios:

Publicar un comentario