BILATU

miércoles, 23 de febrero de 2011

JOSE ANTONIO ARANA MARTIJA


Jose Antonio Arana Martijarekin goiza Gernikako bere etxean eman ondoren, eta nirera ailegatu berri naizela, lerro hauek idaztera jarri naiz, hain zuzen, otsailaren 23ko arratsaldean, ordu pare bat bakarrik falta direnean hain justu hogeita hamar urte betetzeko, frankismoaren nostalgikoek euren kolpea burutzeari ekin zutenetik.

Hogeita hamar urte bete dira eta denboraren poderioz pertsonen oroimenak printzatzen hasi direla ematen du, une gogor eta zalantzakor haietan kolpisten lerrora pasatzeko keinu egin zutenetako askok demokraziaren balioak errepikatzen dituztelarik... hemerotekak hor ez baleude bezala. Baina ez noa honez gero ezagutua denaz ezer idaztera.

Jose Antonio Arana Martijarekin konpartitu dut goiza eta, besteak beste, duela hogeita hamar urteko gertaera haien inguruko ospakizunetan ari diren pertsonaiez ere aritu izan gara apurtxo batez. Gehiegi haizatu gabe, denbora alperrik galtzeak ez gaituela inora eramaten ikasi baikenuen aspaldi. Gehiago interesatzen zitzaidan bere buruaren gaineko Jose Antonioren azalpena, hau da datorren martxoaren 10ean laurogei urte beteko dituen euskaltzale zintzoaren ibilbidearen nondik norakoa Euskonewseko irakurleentzat grabatzea.


Eta beste gauza ugariren artean, Jose Antoniok gogoratu dit, gaurkoaren moduko egun batean berriz ere faxismoaren erresumara eraman nahi izan gintuzten politiko eta militar haietako askok deklarazio higuingarriak egiten dituzten bitartean, 1981ko berpiztaile faxista haiek ezkutuan sostengatzen zituztenei aurre egiteagatik, bera kartzelara sartu zutela 1968an. Zer zela eta? Gernikan ikastola sustatzearen bekatu larria!

Dena den, sekretutxo bat ere kontatu dit: presoei euskarazko klaseak emateko eta musika erakusteko aprobetxatu zuen kartzela-denbora. Eta orduantxe piztu zitzaion musikaren gaineko ikerkuntzari lotzeko ideia. Deliberamenduaren lehen fruitua, euskaltzaleok behin edo behin eskuan izan dugun “Musica Vasca” liburua izan zen. Gero besteak etorri ziren.

Garbi dago: ¡No hay fascismo que por bien no venga! Urte askotarako Jose Antonio!

No hay comentarios:

Publicar un comentario