BILATU

viernes, 4 de febrero de 2011

ETCHEA UTZAGO, ORENA OZENAGO






Bere lehen diskoa erosi nuen 1968an eta ez du pertsonalki oraintsu arte ezagutu. Berari esan nion bezala, berrogei urte luzez eraman dut isilpean berarenganako nire miresmena. Oso emakume ausarta iruditu zitzaidan hastapen haietan eta orain ere bide bertsutik segitzen du, musika mota desberdin batekin badihardu ere.

Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Udalak eman diote gaur otsailaren 4an Hiriko Ohorezko Saria, eta lerro xume hauek idatzi nahi izan ditut, nire omenaldi txikia bailiran.

Angeluko bere etxean bisitatu berri dut eta Euskonews aldizkarirako elkarrizketa egin dugu. Maite Lapurdiko hiri hartan bizi da, Jokin Apalategi senarrarekin, eta biekin honetaz eta hartaz solas egiteko aukera izan nuen. Baita gozatu ere beren azalpenekin. Maite eta Jokin, Euskal Herriak eman dituen gizon-emakume prestu, eskuzabal, konprometitu eta ereileen adibide gardenak ditugu.

Apalategi-Idirin bikotearen etxeko egon gelaren zur landuzko apal batean irakur daiteke: “Etchea utzago orena ozenago”, hau da, etxean zenbat eta bakardade handiagoan bizi izan, hainbat eta luzeagoa egiten zaizu denbora. Itxura denez, senar-emazteak etxea erosi zioten aurreko jabeak apropos grabatutako euskal adagioa da. Eta egia borobil hori, modu baikor edota ezkorrean har daitekeelakoan geunden hiruok. Bakardadeak hausnarketa aberatserako tarte egokia eman diezazuke... edo erokerian erortzeko bidea gertatu ere. Bigarrenean jausi aitzin lan dezagun aurrena!

Zorionak Maite!

No hay comentarios:

Publicar un comentario