BILATU

jueves, 3 de febrero de 2011

DUELA HOGEITA HAMAR URTEKO ASTE BELTZA




Espainiar gerlaren amaieratik, gutxi izango dira -politikoki bederen- Euskal Herriko historian duela hogeita hamar urte bizi izan genuen astea bezain korapilatsu eta aldrebestuak. Otsailaren 3an – asteartea- hasi zen era bitxiz, oso modu beltzean amaitu zen zazpi egunetako aldia.

Aste haren abiapuntuan espainiar erregearen bisita ganorabakoa jarri behar da, bezperan Gasteizetik igaro ondoren otsailaren 4an Gernikako Juntetxera heldu zena. Agerpen harekin espainiar erregeak aurreneko aldiz jartzen zuen oina Euskal Herrian, eta nik dakidanez bederen ez zuen zin egin inongo foru edo berezko legetan. Baina Gernikako atartean zeuden Eusko Jaurlaritzako Karlos Garaikoetxea lehendakaria eta bere gobernukideak, erregea eta bere sekitoaren zain. Harmailetan, berriz, beste askoren artean HBko biltzarkideak ageri ziren. Eta borboiak bere diskurtsoari ekin eta berehala hatxeberoek abestutako "Eusko gudariak" entzun zen areto hartan, gainerako gonbidatu asko txalo eta bibaka hasten ziren bitartean. Berroziek eta bertako zaintza indarrek airean atera zituzten abeslariak, Junta Etxean "bakea" nagusi izatera itzuli zelarik. A! Eta espainiarren erregeak “Orixe”ren hitz batzuekin eman zion bukaera bere hitzaldiari.

Handik bi egunetara, otsailaren 6, ETAk Jose Maria Ryan Iberdueroko injinerua erail zuen, berriz ere ilogikak gure herri honen gogoa ilundu zuelarik. Urtarrilaren 30etik bahituta zeukaten Ryan, Lemoizko zentral nuklearreko obrak zirela-eta. Erakunde armatuak zentralaren gaineko asmoa bertan behera uztea eta ordurarteko obrak zazpi egunetako epearen barruan suntsitzea eskatzen zuen, besteak beste. Ryanen heriotza zigorra, beraz, iragarrita zegoen.

Bahiketa hark adierazi zuen sekulako gizarte-mugimendua, ez bakarrik gure artean baizik -esango nuke- mundu osoan. Europako hogeita bat herrialdetako milioi bat injineruk sinatu zuten ETAri zuzendutako eskabidea, Ryan libre uzteko. Heriotza haren zentzugabekeria salatzeko otsailaren 9an greba orokorra izan zen Euskal Herrian. Milaka eta milaka hiritar kalera atera ginen, gure sentimendua adierazteko.

Argazkia: El Pais


No hay comentarios:

Publicar un comentario