Hastapenetara itzultzea edo bizi arteko errutina. Horrela muga genezake
malko ibar honetan zeharreko gizakion ibilaldia. Unetxo batez atzera begira
jarriko bagina hainbat eta hainbat bizipen biderkatu egin direla egiaztatuko
genuke. Tamaina handi zein txikikoak izan, zikloak nabarmenak izan daitezke, jazotzen
ari zaigun eta ukitzen ari garenari erreparatuz gero.
Ohitura zaharrak, ahanzturaren arasetan galdutako zaletasunak, bizio
ezkutuak... ezer gutxi gertatzen zaigu berri adinaren eskaileratik gora goazen neurrian.
Dena daukagu inbentatua. Ezerk ez gaitu ezustean harrapatzen. Baina urteen
poderioz erreakziorako ahalmena kamustu egiten da, herdoildu. Hori ere
frogatuta daukat.
Umea nintzela kometaren jolasa nuen atsegin. Tarte luzexka batean gordeta
egon ondoren ostera berpiztu zen asti-ematea nire seme alaben ondoan. Eta
antzerako beste ziklo baten ostean hementxe naukazue biloba eta euren lagunekin
jolasteko nire burua prestatzen ari. Barruan zerbaitek diost trebetasuna galdu
dudala, baina gogotsu ekin diot erronka berriari.
Argazkia: Zuriñe
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina