Ez
dut gogoratzen non harrapatu ninduen Franco jeneral erailaren heriotzako
albisteak. Bai, ordea, non nengoen ehortzi zuten egunean: igandea zen,
azaroaren 23, eta Uribarri Ganboako Txoisa jatetxean nire emaztearen
urtebetetzea ospatzen ari ginen. Topa egin genuen diktadorearentzat betiko
sutzarra eskatuz. Une haietan inportanteena ez zen non lurreratzen ari ziren,
hil zela baizik.
Berrogeita lau urteren buruan, eta trantsizio amaitu gabeko ibilbide malkartsu
bezain etsigarrian goazela, gauzak « ondo lotuta » utzi zituen pizti haren
gorpuzkinak tokiz aldatu dituzte, oroimen historikoaren liburuan puntu eta
beste orrira pasa gintezkeela suposatuz. Baina gauzak ez dira hain errazak.
Sarraskilariaren heriotzako inflexio puntuan erreparazioetako balantzean
hartzekodun zeinuarekin geundenok ez dugu lau hamarkada eta lau urteotan
ezelako keinu baikorrik jaso, eta aurrerantzean ere berdin segituko dugulakoan
nago. Batzuetan ematen du galtzaile hutsak izateko jaio ginela. Motxila
horrekin bizi beharko dut, beharbada, baina munduko fusil guztiek ere ez didate
isilaraziko, azaroaren 23 urruti hartan oihukatu genuena: Franco erre zaitez
infernuan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina