Banoa
ulertzen, gutxi gora behera, zenbait pertsonaren buru-mekanismoaren nondik
norakoa, datozen hauteskundeei begira. Osotasunean konprenitzea ezina bada ere
gizaki horien joko zalantzagarri bezain deitoragarriak bide batzuk eskaintzen
ditu ikerketan ez galtzeko, eta nork ondorioak -ez hain zalantzazkoak- atera
ditzake ikertuen jarrerak sarrera bikoitzeko taula batera jaso ondoren.
Ez diozula igartzen,
irakurle preziatua, aurrekoarekin nora nahi dudan joan? Lasai, ahaleginduko naiz mezua argitzen! Badaukat, dena den, abantaila txiki bat zurekiko: idazten hasi
naizeneko subjektu pasiboak ondo finkatuta nituen nire baitan. Orain pistatxo
bat emango dizut: hartu azaroko hauteskundeetara “salbapatrias” moduan
aurkezten direnak. Orain bai?... Ezetz oraindik? Begira, alderatu bi zutabetako lauki
batean apirileko hauteskundeetan pertsonaia horiek ziotena eta datozenetarako bakoitzak agintzen
duena. Orain samurrago, ezta?
Ezker eta eskuineko
muturrak muturkerietan zintzilik, zentrokideei suposatzen zitzaien ahalmen handiagoa
gobernu-lema eskuratu eta hiritarrok kai aproposera eramateko. Baina ematen du
ez dakitela nola askatzen korapiloa, eta are txarrago oraindik, ez dutela
askatzeko bat ere gogorik. Ezagutzen al
duzu mundu aldrebeseko ipuina? Poliziak lapurrek atxilotzen dituzte, arrantza-ontzietan
baserritarrak enbarkatzen dira eta suhiltzaileek etxeak erretzen dituzte.
Gidatzen gaituen politiko kasta honek, agintera heltzen denean, gu gizagaixook zukutzen
gaituzte… gure botoari esker. Baina poltsikora eraman dezaketen diru apurraz
gain, politikan ez dute tipo horiek zer irabazi, eszenategi faltsuko harien
muturra dutenak baitira agintariak, eta politikoak panpina hutsak. Eta
fikzio-errealitate horretan mugitzen gara etengabe. Orain bai? Ulergarri
samarra, ezta?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina