Zirkoak denboraldi
berria inauguratu du, abuztuko oporren ostean. Eta futbol ligaren hasierako
taupaden erritmoan españolitoak beste espektakulu batera iratzarri dira, erdi
nahastuta erdi nekatuta. Bateria mediatikoak ez du atsedenik ematen eta botere
ezkutuek panpinak mugiarazten dituzte gupidarik gabe, hiritarren noraeza
areagotuz.
Zizeron izan zen bere
errepublika-ideiengatik errepublika zaleek erahil zutena. Idazle, politiko eta
pentsalari erromatarrak ez zuen garaiz ikusi Erromak panem et circenses besterik
ez zuela nahi, eta ez zuen asmatu garaiko bere aberrikideek grina gordin eta
alienagarria nahiago zutela egiazko askatasunaren utopia baino.
Eta Zizeronek borrokaren
bidea uztea erabaki zuen, bizitza bera alferreko sakrifizio ilunean eskainiz.
Boterea lege egiten denean eta bizikidetza baino eskrupulurik gabeko logika
lehenago denean ekintza luxua dela ohartu zen gizon hura eta bakardadea hautatu
zuen bizitokitzat, ametsak eta usadio osasungarrien ontasunak ahaztuz.
Duela 2.050 urteko
pertsonaia haren ostean, eta ariketa etsigarria gerta dakidala dakidan arren,
inguruak miatzen jarraitzen dut Marko Tulio Zizeron berri baten bila.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina