Alfonso hil da eta
berarekin itxi da Arrasateko kooperatibismoaren sortzaileak zirenen bizitza
zirkulua. Gorroñogoitiarekin desagertzen da ekintzaile kasta ausart hartako
azken kidea, eta, ziurrenik, berarekin ere industria-mugimendu apurtzailearen zenbait
ezkutu joan dira betiko.
Ez naiz inoiz
kooperatibista izan baina kooperatibismoaren izpiek inguratu naute beti, Arrasateko Laxarte
ondoko eraikin batean lehen SCI agertu zenetik, iragan mendeko seigarren
hamarkadaren amaieran. Eta Alfonsorekin ongarritu nuen adiskidantza bien arteko
distantzia intelektualetik izan zela aitortu behar dut. Nolanahi ere, askoz
ugariagoak genituen lotuneak dibergentziarako koxkak baino.
Gorroñogoitia joan zaigu
duela hilabete bat Ormaetxea betiko galdu genuen bezala. Lehenago Usatorre eta
Larrañaga hil ziren. Eta niri zalantza bat geratzen zait, aspalditik bueltaka
ibili zaidana: egin al zaie neurriko ezagutza euren bizitzaren tarterik luzeena
gizarte garapenaren alde eman zuten enpresa gizon erraldoi horiei? Dena sakrifikatu
zuten kooperatibismoaren Arrasateko modeloa aurrera eramateko. Alfonso eta Jose
Marik, gainera, modeloaren pitzadura gordinki pairatu zuten azken urteotan,
euren indar guztiekin jaso eta fede osoz bultzatu zutena erortzen ari zela
ikustean.
Fisikoki denak desagertu
direnean aurrera begiratzen dut nire talaia apaletik eta horien gisako enpresa
kapitainik birsortzea ezinaren hurrena izango dela baieztatzen dut, konbentzituta.
Argazkia: euskonews
Alfonso Gorroñogoitiari buruz gehiago:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina