BILATU

uztaila 08, 2019

ARGI ETA GARBI


Jose Mari Pildaini, irakurle on eta aitite hobeari.

Noizean behin testu batek zeharo ustekabean harrapatzen gaitu. Horixe gertatu zait gaur irakurtzen ari nintzen liburuarekin, eta igarkizunetara jolastu nahi dut zurekin, irakurle preziatua, ondoko idazkiaren egilea nor den asmatzen ote duzun ikusteko. Pistatxo bat emango dizut: 1965ean idatzi zen. Jar zaitez testuinguru hartan...

Agintariei dagokie, etxebizitzako gabeziaren eta etxebizitza penagarrien arazoari irtenbide ematea. Eta hori, zergen bitartez jasotzen dituzten dirutza ikaragarri handiekin egin beharko dute, ez baita ahaztu behar diru horiek guztionak direla eta, beraz, guztion premiei erantzun behar diete agintariek, justizia egingo bada... 

Ez borobila ematen diot gerrari, eta desarme nuklearra lortu behar da. Gerraren faktoreei ekidin behar zaie, hots, inperialismo, kolonialismo, totalitarismo eta gerra psikologikoei... 

Armamentuko lasterketa arbuiatzen dut indar guztiekin, eta derrigorrezko soldadutzaren kontra nago. Zuzenbidearen indar moralarekin ordezkatu behar da armen indarra...

Bakearen alde naukazue, gizadiaren altxorrik preziatuena baita. Eta eskatzen dut estatu guztiek adostea, itun baten bidez, balizko gerraren kasuan fronteko tokirik arriskutsuenean borrokatzera, lehenik, estatu buruak, erregeak, ministroak, idazkariak eta diplomatikoak bidaltzea, eta babes berezirik gabe horien emazte eta seme-alabek bete dezatela orain arte emakumerik pobreenek egindako lana, izan ere gerran ondasun guztiak amankomunak dira” 

Nork adierazi zuen aurrekoa? Komunistaren batek klandestinitatean? Zororen batek buru-osasunetxe batean?... Bada, ez. Hogeita zortzi urte Kanarietako gotzain zeramatzan Antonio Pildain Zapiain euskaldunak bota zuen, 1965eko irailean... non-eta Vaticano II. Kontzilioan!! Pildain integrista izan genuen erlijioan baina ikaragarri aurrerakoia gizarte arloan. Nik berrogeita hamalau urte beranduago deskubritu dut idazkiñoa, eta nire egiten ditut lezoarraren egiak, inoiz ez baita berandu.

Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina