BILATU

uztaila 15, 2019

NABIGATZEN


Hamalau urte nituen belaontzi batean lehen aldiz nabigatu nintzela. Ordudanik berrogeita hamabost kalendario luze eman dira eta afizioan zutik segitzen dut. Milaka une goxo bizi izan ditut haizearekin jolasten, gehien bat Uribarri Ganboako urtegian. Asiako luxua da udako arratsaldeetako iluntze aldian uretan barrena ibiltzea inguruko mendietatik behien marrumak iristen zaizkizun bitartean.

Baina konturatu naiz iragan ez hain urrutian eskotei tiraka edota kontrapisuko betebeharretan bost-sei ordu samur eman banitzakeen ere, orain nekez pasatzen direla hirutatik. Eta ez da oso azkarra izan behar fenomeno hori adinaren ajeengatik dela baieztatzeko. Horrek, ordea, gogo betetasun berri bat ekarri dit. Begira: nire seme-alabak belaren ezkutuetan neure ondoan abiatu ziren bezala, orain bilobei iritsi zaie txanda. Eta guztiz pozten nau hori egiaztatzeak.

Gainera, beste hau: afizioan aitonaren denbora-marka berdintzera erdietsiz gero ... oraindik hamar-hamabi urte gazteagoak izango dira digituetan nire bizkar gainean pilatzen joan naizen egutegien oraingo kopuruarekin alderatuta. Eta gaindituko naute nire markan. Hori poza!

Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina