BILATU

uztaila 25, 2019

ZER EGIN POLITIKO ERGEL HAUEKIN?

Eskuina pozik dago gero eta hurbilago baitauka zartaginaren kirtena. Espainiako sasi ezkertiarrek berriz ere txizontzitik kanpo egin dute
euren betebeharra eta trifatxitoaren eztarri kabernikotik zantzo karrankariak sortzen dira, Pablo Iglesias historikoaren jarraitzaileek eta bere koroa ubelez margotzen duen bestearen eliztarrek aukera mundiala galdu baitute, ad maiorem Faes gloriam.

Espainiar estatua miseriaren sinonimoa da, miseriari atxikita bizi baita, pozik gainera. Eskuinak gizarte politika gorrotatzen du eta, hala ere, miseria gorriak jipoitutako hautesle askok jarraitzen dio. Ezkerrari ahoa bete zaion neurrian burmuina husten zaio, eta ergeldu egiten da, zorabioen artean, antzaz. Eta hautesle miserableak ez dira altxatzen, politiko iruzurgileak popatik hartzera bidaltzeko.

Azken asteotako batzuen eta besteen aitzakiak eta argudioak ikusita, ez al litzateke hobeto izango estatuko gobernuaren hautesleak CEOE, Ibex35, armada, eliza bera, borboia, Francoren sendia, Faes, eta jite horren gisako beste dozena erdi bat erakunderen artean osatzea, gainerakook hautestontzietara joateko salbuetsita uzten gaituzten bitartean? Denbora hori aprobetxa genezake politiko ergel hauekin zer egin erabakitzeko. Osasunez irabaziko genuke... medikua ordaindu beharko genukeen arren. Bada, hori: miseria... baina pozik.

Argazkia: eldiario.es

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina