BILATU

urtarrila 28, 2019

ELKAR LANEAN


Larunbat arratsaldean irudi mordo bat etorri zitzaidan burura, eta egokiera desberdinetakoak ziren arren guztiak izendatzaile komun batek elkartzen zituen. Haien  artean kirol irudiak ziren -Everesteko expedizioetakoak, besteak beste- enpresa kudeaketarekin erlazionatuak, osasun zerbitzukoarekin zer ikusi zutenak, eta abar. Nengoen areto zabal, eder eta eroso hartako iluntasunetik harrotasun puntu batekin ikusten ari nintzen oholtza gainean gertatzen ari zena. 

Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko ospakizunetarako antzezlan bat idatziko ote nuen galdetu zitzaidanean ezetz borobilarekin erantzun nien, tupustean, Everestera igotzea eskatu izan balidate bezalako irudi beldurgarriak etorri baitzitzaizkidan gogora. Lehen zirrara desorekatzaile haren ostean, ordea, iritzia aldatu eta erronka onartu nuen. Zerk aldarazi zidan erantzunaren zeinua? Argi eta garbi: elkar lanaren perspektibak. 

Ingurura begiratu eta muturreko mendi igoera hartarako arrakastaren giltza elkar lanean zegoela ikusi nuen. Banituen abenturari ekiteko bitarteko eta kide baliotsuak eta abiapuntu hartatik antzeman nezakeen argazkiak aurrera egiteko indarra eman zidan. Bi urte eman dira ordudanik eta saiakerako esfortzua ez da makala izan. Baina azkenik kordada Everesteko gailurrera heldu da, guztiak onik. 

Orain erpinetik kanpamendu basera jaistea dagokigu. Lasai baina zuhur. Eta bidean disfrutatuz, horixe baita ahaleginaren saria.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina