“El rey, la concubina y un país perplejo”
titulatzen zuen lehengoan bere kontraportadan Gipuzkoan gehien saltzen den
egunkariak. Beste bat! esan nuen nirekiko, borboiari buruz ariko zelakoan.
Baina erreportajearekin zekarren argazkiak ez zuen zerikusirik espainiarrei
ihes dabilkien pertsonaiarekin eta, beraz, idazki haren irakurketari lotu
nintzaion, munduko beste banana-monarka hura zein zitekeen jakin min.
Tailandiaz zihoan gauza,
sexu-turismoarengatik ospetsu dugun lurralde bitxi hartaz. Eta kazetariak
tailandiarren errege patetikoa erretratatzen zuen bere ekarpenean, munduko
gauzarik harrigarriena balitz bezala. Tituluak adierazten zuen moduan, tailandiarren
erregea bere sexu-lizentzia eta gastuetarako esku okerrarengatik nabarmendu da
tronua aitarengandik errezibitu zuenetik, bat ere axola ez diolarik bere
mendekoen egoera negargarriak.
Irakurtzen amaitu nueneko hausnarketatxoak bi ondorio aurkeztu zizkidan: zer erreza
zaigun urrutiko bekatuaz jardutea, hurbilekoak ahazten ditugun bitartean, alde
batetik; eta bestetik, Espainiakoaz gain banana-monarkia gehiago ere badirela,
Jainkoaren graziarengatik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina