Jesus Mari Elejalde hil dela jakinarazi dit
Cristinak eta lehen unean ez dut erreakzionatu ahal izan. Zentzuak oro bapatean
geratu izan balirako sentsazioak gainezkatu nau. Jesus Mari hil? Gizon
aparta... irten zait erantzun gisa , galeraren neurria artean antzeman
ezinik. Eta goian bego gaineratu dut, automata batek egin izan bailuen.
Jesus Mari aramaixoarra joan zaigu. Saturralde
baserriko abade langilea desagertu da gure artetik eta kulturalki zer hutsune
utzi digun zehaztea ezina bada ere, hura betetzeko lan asko egin beharko da.
Aramaioko entziklopedia bizia izan da Jesus Mari, ibarreko historiaren artilun
gehienen deszifratzailea. Jesus Marik bide egin zuen historia aramaixoarrean
zehar eta bidelagun askori eskaini zien eskua bidezidorretatik barrena elkarrekin
aritzeko. Bultzagile, animatzaile, zorrotz, bero eta hurbila. Eta, nik
behintzat, laguna izan dut, aholkulari baliotsua.
Heriotzaren albistearekin batera “goian bego”
automatikoa atera zaidala idatzi dut lehen eta orain lasaixeago ausartzen naiz
adieraztera Jesus Marik aurrerantzean bere goiko toki horretan izango duela
egoitza, fisikoki inon ez dagoen leku zabal horretan, beren herriaren aldeko
ahaleginean eskukada bat maitasun inbertitu duten gizon-emakumeek berezko argiz
dirauten espazio ukiezin horretan, eternaltasunaren zutabeak darakuskien eremu
kuttunean.
Beti arte Jesus Mari, besarkada batekin!
Beti arte Jesus Mari, besarkada batekin!
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina