Bernardo Atxagarenganako nire miresmena ez da
gaurkoa. Aspaldi-aspaldi egin genuen bat bidean eta goi mailakotzat daukat bere
literatura. Askotan esan dut merezi izan duela nire burua euskalduntzea, beste
zenbait satisfakzioren artean Bernardoren literatura sortzezko hizkuntzan irakurtzearren.
Orain hurrengoan piztu zait berarekiko
desadostasun itzal txiki bat -gutiz garrantzi gabea gure egitura animikoan-
Bilboko egunkari baterako elkarrizketa irakurri diodanean. Asteasuarrak zioen:
astia desagertu da, astiematerako denbora, alperrik galtzekoa...Eta kexu
azaltzen zen, denbora berebil batekin alderatzen zuelarik.
Nik uste dut gizakiak denbora librea galdu beharrean, hainbat eta hainbat
kasutan gizakia bera dela galdu dena. Denbora hortxe dago, gure zain, eta gure
ondoan segitzeko gogoarekin. Iruditzen zait gizon emakumeok burua ezkutatu
dugula balizko denbora libreari beldur, eta mundu artifizioso bat eraiki da,
geure itaun artegatuentzako denetariko erantzun faltsuak eskaintzen dituena.
Baina astia ez da desagertu, eta nork bere ondratasun baikorretik balia dezake
aukera egiazko denbora espazio zoragarria sorrarazteko. Begiak itxi eta aurrera
egin, aurreiritzi guztiak ahaztuz; horixe dugu lehen urratsa astian libreak izateko.
Argazkia: Euskonews
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina