Goizeroko nire ibilalditxoa egiten ari nintzen iragan ostiralean, zeruak
ekaitz arriskua zerakutsala. Aterki gabe nengoen eta zapatillak ere ez ziren
uretarako aproposenak. Hala ere aurrera egin nuen eta ibilbidean barrena nindoan neurrian balizko aterpearen babesa
bizkarretik urruntzen ari zitzaidan, urratsez urrats, gero eta gehiago.
Halako batean, iriztu batek egunaren ordu goiztiarretako iluntasuna
argitasunez bete zuen eta hiru segundotara trumoiak dardaran jarri zuen nire
oin azpikoa, balizko arriskua errealitate bilakatzen ari zela ohartaraziz.
Bazetorren. Eta euria iritsi zen, indarrez. Blaitu egin ninduen, goitik behera,
eta - hau ustekabea!- sentsazio hark zantzo alaia eragin zidan, inoiz ez bezalakoa, eta barrez
lehertzear egon nintzen. Nire buruari galdetu nion erreakzio bitxi haren zergatia baina euri
jasaren hotsak kontzientziaren erantzuna estali zidan.
Neu nintzen bai, nire piura haren erantzule bakarra. Ezin nien euriari,
babes ezari edota eguraldiaren iragarleari ardurarik eskatu. Nik jo nuen
uretarantz eta urak harrapatu ninduen. Bizitzak berak egiten digun bezalatsu.
Argazkia: sputnik.cosmos
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina