Aspaldi, oso
aspaldi irakurri nion Henri Bergsoni irriaren gaineko bere teoria. Eta filosofo
frantziarraren obra azaletik bakarrik ezagutzen dudan arren, irriaz eta
komizitateaz teorizatu duenarekin ia-ia bat natorrela esan behar dut. Irria
ezinbestekoa zaigu osasun orekari eutsi ahal izateko. Irri gutxiko
pertsonarenganako mesfidantzaz idatzi zuen Bergsonek eta ni aburukide nauka,
bere barne indar baikorra adierazteko gauza ez denari gaixo egotearen sintoma
diagnostikatu baitakioke.
Ulertzen dut
bizitzak ez duela sarri irrirako aukera asko eskaintzen. Eta, gehitzera
ausartuko nintzateke, badira gizakiaren ibilaldi kronologikoan serio, oso serio
egoteko aldiak. Umeek, adibidez, irrirako berezko jarrera naturala dute. Baina
urteak aurrera doazen neurrian geruza gris batek estaltzen du gure zeru
partikularra eta badirudi irrirako erresortea herdoildu egiten zaigula.
Zerikusirik izan dezake fenomenoak pertsonaren ardurako tamainarekin. Zenbat
eta ardura handiagoa gure bizkarrean hainbat eta serioago begiratzen diogu
inguruari.
Bizitzari,
inguratzen gaituenari, modu pasibo indiferente batetik erreparatuz gero, ordea,
irria errazago loratzen da, komizitatez kutsatzen da ordura arte aktibismotik
epaitutako guztia. Umeek inozotasunetik ikutzen dute mundua, adimen osoa
irekita. Eta badakizu, irakurle estimagarria, zertaz ohartzen ari naizen? Bada,
behin zahartzarora sartuz gero, betebeharretarako ardura adierazpenik
txikienera eramanda, irriaren iturria irekiagoa azaltzen zaigula, eta munduaren
tragediari komizitate puntu bat eman dakiokeela, nor beraren heriotzari berari
barne. Hots, adimenari askatasuna ematen diogula; umeen antzera.
Argazkia: investigaciónyciencia.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina