BILATU

urria 29, 2018

SISTEMA POLITIKOAREN PITZADURA ERAGINEZ


Mozartek hamar urterekin egundoko sinfoniak zituen bere errepertorio propioan eta ez zitzaion karrera artistikoan amaierarik antzematen. Antzerakoa gertatu bide zen Arriagarekin eta aditu guztiek etorkizun zerutiarra iragartzen zioten bilbotarrari. Fischer xake jokalariak sei urterekin deabrukeriak egiten zituen fitxekin. Rimbaud frantziarrak hamaika literatur-sari irabazi zituen hamabi urte bete baino lehen. Estutzen banauzue, Pablito Calvo, Marisol eta Joselito ere zineko izarrak genituen artean ume mukitsuak zirela.

Baina zer kristo egin du hamahiru urteko neskatila horrek, espainiar Konstituzioaren irakurraldiaren bitartez ikasgai magistralik eman diezagun? Zer meritu mota du, aitona xurrupakari eta komisionistaren biloba izateaz gain? Ez dut ulertzen, ezin dut ulertu nola gailendu den borondate oneko hainbat eta hainbatengan desproposito anakronikoetarako utzikeria. Iparra galtzen ari al da sistema politiko osoan?

Irtenbide bakarra, neskatila horren sostenguko sistema ustela goitik behera erauzi eta sutzarrera botatzea da. Zuk bultza gogor hortikan, nik ere bai hemendikan…

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina