BILATU

urria 22, 2018

EUSKARA EHUN URTE BARRU



Mikel Irizar, ostiralean
Mikel Irizarrek zioen lehengo ostiralean euskararen egoera hobea izango dela ehun urte barru. Iñaki Markok erantzun zion zin egiten zuela bera ez dela egongo Eusko Ikaskuntzaren bigarren mendeurreneko ospakizunetan. Baina ez zuen ukatu gure hizkuntzaren geroari buruzko Mikelen baieztapena. Hori guztia, hain zuzen, Eusko Ikaskuntzak urriaren 19an Gasteizen eratutako XVIII Kongresuaren bigarren ekitaldian eman zen, euskararen etorkizunari eskainia.

Beste zeregin batzuk tarteko, Gasteizera joan ez nintzen arren streaming bidez segitu nuen ekitaldia. Oso
adierazgarria iruditu zitzaidan Mikelen hitzaldia eta bere mezutik azpimarratuko nukeen zatitxo bat “krisi aktiboa”ri eginiko aipamena da. Inoiz idatzi dut,  fedearekin gertatzen zaigun bezala euskarak ere konpromiso aktiboa behar duela, krisi egoeran baitago. Fedea eta krisia sinonimoen hurrenak ditugu, eta gure hizkuntza ere krisialdian dugu, ingurukoak nagusitu zitzaizkion unetik. Ia-ia sortze beretik.

Iñaki Marko, ostiralean
Baina Mikelek intelijentziaren aldeko apustua aldarrikatu zuen. Azken berrogeita hamar urteotan garbi erakutsi dugu gai izan garela euskararentzat eszenategi hobeak prestatzeko. Eta hori bidean etsi ez dugulako jazo da. On Jose Migelek esan ohi zuen oinak eta burua ongi erabilita bakarrik erdiesten dela emaitza ona.  Hori bai: Iñaki bezala, ni ere ez naiz Eusko Ikaskuntzaren bigarren mendeurrenean egongo. Baina Mikelekin nago, euskaldunak intelijenteak izaten jarraituz gero, euskarak berariazko tokia izango duela ehun urte barruko erakundearen ospakizunetan.
Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina