BILATU

maiatza 18, 2020

BAIKOR ZUHURRA IZAN NAHI DUT


Ziur asko, une larri hauetan bat baino gehiago konturatuko zen filosofiak gure eguneroko entramatu sozialean bete
dezakeen paperaz. Liberalismoak historikoki deitoratu ez zuena arras kondenatu zuten neo-ek, eta pentsarazi ziguten humanismoa luxua dela, giza kolektibo moderno batek ezertarako behar ez duena. Jakina, ongizate estatuaren kontra ageri da korronte ideologiko oro ahaltsua, ekonomia kapitalistarentzako zama larria delakoan. Ez dut ukatuko ongizatea garesti ez denik, baina - funtsezkoa- ongitasuna eskubidea da, ezer baino lehen. Orduan garestitze kontzeptua erlatibizatu egiten zaigu, eta arnas hartzea bezain garestia bihurtzen da.

Oso elkarrizketa ona iruditu zitzaidan duela data batzuk Gipuzkoako egunkaririk irakurrienean Jose Antonio Marina filosofoari egin ziotena. Hatza jartzen zuen gizarte materialistaren zaurian, eta osasunbiderako balizko pistarik ematen ez zuen arren - filosofoek filosofatu egiten dute, kontzeptu eta errealitateak zalantzan jarriz, gero bidea denon artean aurki dezagun- Marinaren diskurtso periodistikoa astindu ederra gertatzen zitzaion gure kontzientziari.

Konbentzituta ez banago ere - gauza gutxitaz daukat egiaztapen frogaturik- pentsatu nahi dut infernuko birusak zirrikitu bat irekiko duela gure gizartea humanoagoa izateko, behintzat denbora tartetxo batean, ezaguna baita gizon-emakumeok oroimen laburreko animaliak garela, eta samur ahazten ditugu larrialdietako proposamen onak. Baina, Marina bezala, baikor zuhurra izan nahi dut, oraingoan ere.

Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina