BILATU

apirila 06, 2020

IGANDEAN EZ NAIZ BALKOIRA ATERAKO


Datorren igandean gure herrietako balkoiak modu berezian luzituko direla esaten ari dira, Aberri Eguna denez gero itxialdia aprobetxatuz gure sentimendu patriotikoak haizatzera ateratzera deitzen ari baitira batzuk eta besteak. Ia nork irabazten duen aberriaren aldeko lasterketa! Balkoian sigla eta pankartak jartzea zilegi izango ote den adierazi ez zaigunez ezin dut zehaztu manifestaldian koronabirusak guztiz bateraraziko gaituen ala zirrikituren bat geratuko ote den bakoitzak nahi duena aldarrikatzeko. 

Zenbat buru hainbat aburuko logikatik abiatuz, bakoitzak bere aberria du eta nik aspaldi idatzi nuen nirea euskara dela. Sufriarazten nau, baina maite dut. Niri ez dit ditxosozko birus horrek gogoratu behar zein den nire « aba-erria » egunero elikatzen baitut berarenganako sentimendu afektiboa, jai eta dolu giroan. Igandean balkoietara aterako diren askori galdetuko nieke non zeuden iazko ospakizunean. Ez ditut atsegin, euren aberria urtean behin eta osasun arrazoiak tarteko oroitzen dutenen ospakizunak.

Baina igandean, bezperan eta biharamunean lez, nik ere egingo diot men nire aberriari, leihotik, ez baitaukat etxean balkoirik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina