BILATU

apirila 20, 2020

QUOSQUE TANDEM?


Ez naiz Jorge Oteizaren saiakera liburuaz ari, Zizeronek Erromako senatuan bota zuen galderari buruz baizik. Noiz arte abusatuko duzu, Katilina, gure pazientziaz? itaundu zuen filosofo eta senatoreak, Luzio Sergio Katilina politiko eta Zizeronen etsai amorratua botere osoa eskuratzeko ahalegintzen ari zenean. 


Katilinaren gain esaten da izpiritu zikinekoa zela, jainko eta gizakiei eraso egiteko beti prest. Gau eta egunez makinatzen ziharduela, kalte gehien nola egin zezakeen kalkulatzeko. Kolore zurbilekoa zen, begirada higuingarrikoa; ibilkera traketsa zerakutsan eta begitartean erokeria igar zekiokeen. Diotenez, giza sakrifizioak egiten zituen. Beldurgarria zen, oso.

Nik - guk denok- egin genezakeen galdera da, korona-katilina berri honek bere garro hiltzaileak noiz arte luzatuko dituen kezkatuta eta aspertuta. Pazientzia kiloka inbertitu dugu orain arte eta aurrerako beste horrenbeste gorde beharko dugu, gure etsai hau oraindik ere indartsu dagoela erakusten ari baita.

Diodan, amaitzeko, Erromako etsaitzat hartu zutela Katilina eta Gayo Antonioren ejerzitoa bidali zen “hostis”aren kontra borrokatzera. Katilina hilda gertatu zen batailako zelaian eta burua moztu zioten, Erromako hiritarrei publikoki erakusteko. Kristo aurreko 62. urtearen abendua bide zen.

Abendura arte?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina