BILATU

apirila 13, 2020

KALAMITATEAREN ONDORENGO MIRARIA


Bere “Eskutitza X Jeneralari”  idazlanean Saint Exuperyk esan zuen bere garaia gorrotatzen zuela, gizakia helburu materialak gainezkatua bizi baitzen. Printze Txikiaren egileak gehitzen zuen bere diskurtsoan, ezin daitekeela politikaz, ekonomia balantzeez eta teknologiaz bakarrik bizi, ondasun materialek, beste ezerekin orekatu gabe, gizon emakumeen presondegia dakartela azpimarratuz.

Pairatzen ari garen kalamitateak garbi utzi badu ezer, ondasun publikoaren premia izan da. Epe laburrean norberekoikeriak -indibidualismoa, finean- gizakiaren funtsezko eskubidea jartzen du kolokan, eta kolektiboaren ongizatearen deseraikitze etengabearekin pentsarazi nahi izan digute - edo behintzat horren atzetik ibili dira eragileak- lapurrak ondratuak direla. Eta hori perbertsio bat da, erraldoia, mundu honetako ondasunak, aberastasuna hitz batez, kolektiboarena baita. 

Erlijioekiko bere eszeptizismotik Saint Exuperyk mundu aldrebestu hau konpon lezakeen jainkoaren aldarrikapena egiten zuen. Ez zuen naturaz gaindiko miraririk itxaroten, gizon emakumeok kolektibo gisa eta elkarrean eragin genezakeena baizik, utzikeria eta pesimismoa gaindi litzakeena. Kalamitatea igaroko da eta miraria ondoren letorke.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina