Ogiaren historia egin
beharko balitz - ziurrenik honez gero eginda dago- gizateriaren
hastapenetaraino igo beharko genuke, ez baitut uste denik beste jaki hain
estu erlazionatuta gizakiaren garapenarekin. Pitagorasek idatzi zuen unibertsoa
ogiarekin hasten dela.
Oraindik Arrasateko
Sinfo okindegiaren usain sarkor bezain inguratzaile goxoa gordetzen dut gogoan.
Pezeta bat balio zuen opiltxo labetik atera berria erostera ikastetxetik
goizero joaten ginen egun urrutietako oroitzapena da. Opil mami beroan urtzen
zen txokolate ontza pare batekin ogitarteko hark zerutiarra zirudien. Eta
bazkaldu bitarteko gose garra amatatzen zuen.
Ogiaren historiaz ari
nintzen eta benetan harrigarria da gizon emakumeontzat oinarrizko jaki honek
adierazi duena. Adriano enperadoreak - Margarita Yourcenarren eskutik- zioen
ikusgarria zela ogia nola bilakatzen zen odol, berotasun eta ausardia. Eta egia
da ogiaren inguruan altxatzen dela gure mundua, erlijioan, literaturan, lanean,
atsedenean, maitasunean edota gerran.
Ohiko kafesnea eta olioz
bustitako ogi txigortua gosaltzen ari nintzen bitartean idatzi dut goikoa.
Ederra zegoen!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina