Azken gerraren
osteko euskal literaturaren eleberri ederrenerako baten protagonistei buruz
idatzi berri dut “Hotsbegi danbolinak” nire blogean. Sebero Altubek sortutako
“Laztantxu eta Betargi”-ri nagokio. Egiazko
fikzioan Arrasturi bilakaturiko
Arrasate herrikoak ditugu Laxtantxu eta Betargi pertsonaiak, hezur eta
mamizkoak eurak: Karmen Garcia Azurza eta Benantzio Gaztañares Villar. Auzokide
izan zituen Sebero Altubek Arrasaten bizi izan zen bitartean, adiskideak ziren.
Eta Altubek erbesteko mingostasunetik eite eman zion 1936ko altxamendu faxistaz
geroztik Arrasaten gertatukoari, musikari, linguista, idazle zenari iristen
zitzaion informazioaz baliaturik. Testu ederra bilbatu zuen Altubek, jazoera
lazgarrien islapen gardena. Benantzio fusilatu zuten frankistek eta Karmenek
itxaroten zuen haurra hil egin zen, zurrunbilo odoleztu haren ondorioz.
Karmen Garcia, "Laztantxu" (1) |
Karmen ezagutzeko
aukera izan nuen, 1977an. Jenerala hilondoko lehen une haietan, beraren
gainera zorigaitza eraman zuten erantzule kriminalak aspaldi barkatu zituen
emakumeak egia loratuko zela itxaroten zuen, Arrasateko - eta Euskal Herriko-
libertateak amets zituzten eta euren duintasunean jipoitutako emakume eta
gizonen behin betiko justizia nolabait gorpuztuko zelakoan.
“Laztantxu eta
Betargi” dokumentu historiko paregabea dugu, memoria historikoaren aldeko
aldarrikapenean guztiz erabilgarria. Eleberri historikoa da, zentzu
bikoitzarengatik: historian oinarritzen delako, eta euskal literaturaren
ezinbesteko mugarria delako. Sebero Altuberen liburu honen aldeko ahotsa
altxatu nahi dut txoko honetatik, eta kale-izendegiak izen propio absurduekin
betetzen diren une hauetan, espazio publiko bati “Laxtantxu eta Betargi” jartzeak
gutxienez bi helburu beteko lituzkeela iruditzen zait: gogoan edukitzea 1936-39
tartekoaren ondoriozko herri honetako pertsona anonimoen sufrimendua, eta - zorte
apur batekin- euskal literaturaren harri bitxi hau jendeak irakurtzea.
(1) "Sebero Altube" nire libururako datu interesgarriak eskaini zizkidan Karmen Garciak. Argazkian, 1979ko abenduaren 6an agertzen da, Arrasateko Udaletxean egin genuen liburuaren aurkezpen ekitaldian.
Argazkiak: JMVM
Argazkiak: JMVM
GEHIAGO BENANTZIO GAZTAÑARESI BURUZ:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina