Hitzordu bat
daukat. Ez dakidana da agertuko ote naizen, ez baitago nire esku. Huts egiten
badut, barka nazatela nirekin elkartu behar zirenek, nire borondateak haiekin
egotera baininderaman... baina gizakiak proposatzen du eta Jainkoak (edo
naturak) erabaki. Egia esan ez nuke nire lagunekin gaizki geratu nahi baina
hitzorduaren nolakotasunei erreparatuz huts egingo dudala iruditzen zait. Bada
ez bada ere, abisatu egiten dut jada, unea iritsita ezina gerta bailekidake.
Aurreko urteetan
bezala, Umezaintzako haur nagusiak izan nituen lehengo astean solaskide. Euren
herriari buruzko bilakaera izan genuen mintzagaia, historia aurreko garai ilun
bezain erakargarritik gaur egunera artekora. Gustura ibili nintzen, ikasle
aplikatu eta jakin minak baitira, eta zehazkizun horietako ikasgelak bisitatu
ahal izatea niretzat luxua da, neskato-mutikoen ezagutza mailara jaitsi
beharrak haurtzarora itzultzea ahalbidetzen baitu - egiten ari zarenaren kontzientzia
izanez gero, noski.
Gauza da, ikasgelan
geundenok erronka ipini geniola elkarri, eta hogeita bost urte barruko herriak
zein itxura izango duen eta bilakaera onerako ala txarrerako izan den iritziak
elkar trukatzeko konpromisoa hartu genuen. Baina, uste dut, lehia-merkatura
irtetear dauden bihar etziko emakume eta gizon hauei Miren eta Marta andereñoek
azaldu beharko dietela hitzordura ez agertzearen nire hutsa. Dena den, kontuan
izan dezatela ni han eurekin ez egoteak ez duela bat ere axolarik. Mende
laurdeneko hiri-bilakaera positiboa ziurtatu ahal izatea da garrantzitsuena, protagonista
aktiboak gaur nire aurrean eserita eduki ditudan umeak izan direla frogatzearekin
batera. Gainera, horietako bat 2044ko alkatea bada, asmatu egin dugu gure apustuan, ehuneko
ehunean! Bikain.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina