BILATU

martxoa 25, 2019

GUK ELIKATZEN DITUGU


Umearen logika aplikatzen ari da gaurko eszenategi politikoan. Gogoratzen al duzu, irakurle estimagarria, txikiak gineneko gure adinekoekin haserretu eta borrokan hastear erabiltzen genuen zemaia? “Eta esaten badiot nire anaiari (lehengusu, aita, kaleko indartsuak, jainkoa...)?" Lehiakideen arteko nagusitasuna bakoitzak bere aldera “eraman” zitzakeen laguntzaileen indarrez erabakitzen zen... Egia esan, anaia ez zen inoiz azaltzen, ezta lehengusu, aita, kaleko indartsuak edota jainkoa bera ere. Beraz, ez zen ezer erabakitzen norgehiagoketa dialektiko hartan.

Egungo eztabaida politikoak antzeko bidetik garamatza: adimenaren logikari bizkar emanda, zurrunkeria itsuaren aldeko apustuan oinarritzen da erabakia. Gatazka jarraikia elikatzen da,  muturretatik disparatzen ari, eta emozioaren presioa da arma hilgarria. Batzuetan eskuineko muturrekoek irabazten dute bataila; besteetan ezkerrekoek. Baina gerrak horretan irauten du, gerra izaten, inork ez baitu auziaren erroak non dauden ikertu nahi.

Politikoak tele-set batean ari dira, reality show etengabean, eta haurtzaroko ume haiek bezala, bakoitzaren anaia, lehengusu, kaleko indartsu eta jainkoari egiten diete dei, beste muturrekoa zapaldu eta txikitzeko helburuarekin. Bada diferentzia bat, dena den, haur haien eta oraingo politikoen borroketan: hartan inor ez zen kaltetuta gertatzen. Egungoan, aldiz, hiritar zibilok gara galtzen dugunok... hiritarron botoari esker. Guk elikatzen ditugu.

Argazkia: JMVM 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina