Jakin ahal izan dugunez Francoren gorpua ekainaren 10ean aterako
dute hilobitik, askoren pozerako eta batzuen haserrerako. Asko gara, bai,
berria atsegin dugunok, baina horien artean nagoen arren kezka puntu batek ere ikutu
nau, arestian komunikabideetan irakurri ahal izan dugun albiste batek eraginda.
Ez dakit nola hartu behar dudan gainera datorkiguna, izan ere horren aplikazio
zuzenak ustekabe galanta eman liezaguke. Esplikatuko naiz.
Scientific Reports zientzia aldizkariak adierazi berri duenez, zientzialari
talde batek, laborategiko esperimentu
batean denboraz atzera egitea erdietsi du. Segundo baten milioirena izan bada ere, atzera joan ei dira
denboran eta zientziaren branka iraganari begira jarri dute. Ametsik
desiragarrienak ... baina baita beldurgarrienak ere dantzan hasi dira, beraz,
hainbatengan, etorkizunak zein nolako iragan ekarriko ote digun zain.
Niri, aurreratu dudan bezala, bi albisteek sentsazio kontrajarria piztu
didate, izan ere zientzia aplikatuko balitzaio Francoren momiari... ostera jar
gintezke 1936ko uztailean eta kasu horretan tristezia, ikara eta tragedia bihurtuko
litzaiguke askori poza. Badaezpada ere, Scientific Reportseko burutsuei
idaztekotan nago, euren inbentoa jeneral erailearengan ez aplikatzeko eskatuz. Egingo
al didate kasu?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina