Veneri, eskerronez
1974an izango zen, oker ez banago. Euskaltzaindiak aztertu gintuen
bolondres militante batzuk euskararen ezkutuetarako gure gaitasunaz (ala
ezgaitasunaz?) Gaur eguneko EGAren antzerako helburua genuen - B mailako irakasle
titulua lortzea, konkretuki - eta gogoratzen dut Antton Aranburu, gerora kazetari iaio izango
zenaren ondoan eseri nintzela, «biluzik», nire bizitzan pairatutako azken
azterketan. Ez daukat garbi, baina uste dut zenbait urte geroagotik lagun handiak izandako Jose Luis Lizundia eta Juan San
Martin izan zirela aztertzaileak. Ordurako euskarazko
klaseak ematen nituen Arrasateko gau-eskolan.
Froga gainditu arren - 29 lagunetatik bederatzigarrena izan nintzen,
aztertutakoen artean Hendrike Knörr, Andolin Eguzkitza, Jose Ramon Etxebarria
eta horien gisako pertsonalitateak zirelarik- «pilotsik» segitu nuen (segitzen
dut) gure hizkuntzaren inguruan eraikitako ezagutza endrebesatuan. Kontzientzia
osoarekin baieztatzen dut aurrekoa, kotxea gidatzeko karnetarekin gertatzen
zaidanaren moduko sentsazioa baitaukat euskararen munduan: horrenbeste arau,
azpiarau eta salbuespenekin ez nintzateke gai izango azterketa berri bat
gainditzeko.
Baina nire ezgaitasunetik dioket ez naizela lotsatzen, finean, euskarazko
nire bizimodu arruntean gai izan bainaiz, adibidez, EGA titulua arestian ukatu
zaion pertsonarekin bi urtez ukondoz-ukondo lan egiteko; ah! eta pertsona
horrek, denbora berean, dozena bat lagunekin -batzuk egadunak- interaktuatu du
bere aldetik, euskaraz. Eta bi urte ondorengo emaitza ederra – euskaraz sortua- bistan
dago. Horregatik, zurrunkeria guztiak ditut gorrotatzen, titulitisari dagokiona
barne.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina