BILATU

lunes, 4 de agosto de 2014

ZELEDON ETA MUNILLA



Zeledonek etxe berri bat egin ei zuen, bere auzokoen sinpatia bereganatu zuen eta orain herri oso batek kantatzen dio, Mariano San Miguelek  asmatutako kalejiraren doinuaz lagunduta. Gaur arratsaldean milaka hiritar eta kanpotarrek saltoka hartuko dute panpina itxuran zerutik Gasteizera bide datorren alaitasuna (edo hori dio behintzat aspaldiko esloganak) Ez dut uste Munilla gotzaina Andra Mari Zuriaren plazara azalduko denik eta ez dakit inoiz bertan egon ote den ere. Gaurko istorio honi, dena den, bost axola dio zehazkizun horrek.

Munillaz gogoratu naiz, berari ere dagokiolako - egokitu beharko litzaioke, bederen- etxe berri bat eraikitzea, Zalduondoko baserritarrak jasotakoaren antzerako  leiho eta balkoiekin, bertara kristau guztiok ager gaitezen. Etxe berri hori kristau guztiona izan beharko litzateke, salbuespenik gabe, kristautasunaren sortzaileak aldarrikatu eta agindu zuen moduan. Baina badirudi donostiarra ez dabilela oso fin  bide horretatik,  komunio integratzailerako gogo handirik izango ez balu bezala. Horra hor, Gipuzkoako abade ugarik egin dioten protesta , eliz barrutiaren gobernurako daraman ildo ezegokiarengatik. Nota hartuko al du? 

 
Munillarekin segituz, San Ignazio eguneko bere homilia loretsuan erabakitzeko eskubiderako izan zituen hitzak  nire buruan bueltaka dabilzkit oraindik eta kristau izatezko nire apaltasunetik gogoratu nahi diot gotzainari, Jesusek ongi asko erabili zuela eskubide hori, erromatarren edo judutarren aginduetara beharrean bere bideari ekitea deliberatu zuenean. Uko egingo dio gipuzkoar elizaren lehen ordezkariak ikasgai horri?

Susmoa daukat, Zeledoni ez bezala, Munillari ez diola inork etxe berririk egiteagatik kalejirarik eskainiko.

2 comentarios:

  1. Ona ona, Txema.
    San Inazioetan egin dituen bi homiliak, bat Azpeitiko parrokian eta Loiolako basilikan bestea, entzun dizkiot eta hau bere bidetik doa bere eliztarren axolik gabe.
    Loiolako homilian konparaketa berezi bat ere egin zuen: San Inazio bera Don Juan Tenorio eta Don Quijote de la Mancharekin konparatuz.

    ResponderEliminar