BILATU

lunes, 4 de noviembre de 2013

MASEN ERREBOLTA


Giza-masa antzua da intelektualki. Bizitza ariketa samurra eta eskubidez betea dela pentsatzen duten gizon emakumeen jarrera masifikazioaren ezinbesteko zutabe eta alienazioaren sostengu nagusia dugu. Masa-kideak ez du aditzen eta pentsaraz liezaiokeen inoren ideiari muzin egiten dio, eroso bizi baita bere iluntasun lo arazlean. Ortodoxian dihardu  diskurtso funts gabetik, giza masaren kidea arrunkeriaren funtzionario itsu boluntarioa baita eta sendabideak orori bizkarra ematen die.

Masa-kidea ez da sekula mobilizatzen, bere joko-estiloan lagunduko dion gairen baten probetxuan izan ezik. Masa-kidea bere oskolean gaztelututa bizi da, inguratzen duen zirkulu itxirako emanda, marra bereizlearen mugez haratagoko bat ere asmorik gabe, ume mimatuaren erreprodukzioa bilakatuz, zuri beltzeko bertsioan. 

Masa-gizakiaren jokaerak eraiki du gizarte monokorde dimentsio bakar eta azalekoa. Eta barne erreakzio pizteko gaitasunik ez duen giza kolektibo mamutua galduta dabil, teknikoki ongi apaindua egon daitekeen arren. 

Baina gizarte-ongizatea aprobetxatu nahi bada  ongizatearen aldeko ekarpenik eskaini gabe... gaizki ari gara, berehala botako baitugu pikutara ongizatea. Masen errebolta beharrezkoa da ongizateari eutsiko bazaio, eta horretarako lehen-lehenik masa-gizakiak auto konbentzimendura heldu behar du. Sarritan, giza norbanakoak hondoa jo behar du masa izatezko nolakotasunari buelta emateko.





No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada