BILATU

lunes, 18 de noviembre de 2013

LIDERRIK EZEAN, ZER?



Horixe da askok planteatzen dugun galdera eta aitortu behar dut ikaratu egiten naizela balizko erantzunaren oihartzunarekin.  Indar suntsitzaileen baitan erdi galduta, euskal gizarteak ez du bere iparra aurkitzen. Eta atzera-aurrera etengabeetan ez dugu argi ikusten  bidea zein den, urratsak norantz zuzendu behar ditugun eta noizko eduki genezakeen eskuragai esperantzaren izpia. 

Zorioneko gure herri honek ez du, gauden eszenategi labainkorretik  atera gintzakeen liderrik. Politikoki hamaika katramilatan zatituta gaudenez gero ez da proiektu amankomunik inondik antzematen. Eta atzera begira jarriko bagina, inork ezingo luke defendatu duela hogeita hamar urte baino hobeto gaudenik. Aitzitik, nik uste dut atzera egin dugula, nabarmen.

Politikoki karramarroen antzera bide gabiltzalarik, gizarte-liderrei begira  ere ez daukagu zer eginik. Eremu lehor eta antzuetan erein ei dugu aurreko urteetan. Ez dago inor gure gizartearen baitan ilusio pittin bat ere piztu dezakeenik. Gristasun tristean bizi gara, artifizialkerian eraikitzen ditugularik hondarrezko mundu irrazionalak. 

Irakurtzen nuen lehengoan, politiko eta sindikalisteengan federik ez dugulako futbolera jotzen dugula gero eta modu zoroagoan, etsipenetik ihes egin guran, nonbait. Eta jakin badakigu, ongi frogatua ere, zein nolako maila alienagarriraino heldu den futbolaren eskaintza. Franco? Txiki utzi dute oraingoek! Teoria horren arabera, beraz, alienazioaren iturburuan kasta politiko eta sindikala ditugu. Ez da arraroa, batean eta bestean ditugun pertsonaiei erreparatuz.

Lider sozialen premian gaude, egitura kristalizatuetan babestu eta gaztelutu gabe gizartearenganaino mezu eraginkorrak helarazteko gai litezkeen liderrak, alegia. Era guztietako mobilizazio barik, gure utzikeria boluntarioan  itotzeko arriskuan gaude. Begira diezaiogun gure inguruari ...

Argazkia: Tere Anda
 



No hay comentarios:

Publicar un comentario