BILATU

lunes, 11 de noviembre de 2013

NAFARROAKO MEMORIA HISTORIKOA



Nafarroan ikasgaitxo bat eman digute oraingoan. Aste honetan eztabaidatuko da Nafarroako Parlamentuan Lurraldeko Memoria Historikoaren lege proposamena eta hori aurrerapauso interesgarria da gizarte-normalizazioko bidean. Badakit Nafarroan gauza asko normaldu behar direla hiritar guztien eskubideak maila berdintsura iristeko, baina bidea – inoiz burutuko bada- urratsez urrats egin behar da. 

Azken gerra zibilak memoriaren desoreka erabatekoa ekarri zuen  Euskal Herrira eta gerrako irabazleek euren arauak ezarri zituzten 1939tik, alde batekoak aintzatuz bestekoak fusilatu edota bizirik azpiratzen zituzten bitartean. Diktadurak gau ikaragarri luzea ekarri zuen hainbat eta hainbat jenderentzat. Eta gaur egun ere irabazle haien ondorengo askok ukatu egiten dute errealitatea. Arma hilgarrien bitartezko garaileek oztopatu egiten diete garaituei oroimenezko keinu kontsolagarriaren aukera ere.

Nafarroako Parlamentuan onartuko den legearen arabera, besteak beste, Nafarroako Gobernuak ikur eta sinbologia frankista osoa ezabatu beharko du, eta administrazio publikoek – Gobernua (lehengo Diputazioa) eta udalak- erregimen frankistaren babespeko izendapen, ohorezko titulu eta gainerakoak indargabetu beharko dituzte. Ez da gutxi, alajaina, nafar lurraldeko hainbat erakunde eta giza norbanakoren ideologia kontuan izanda. 

Legearen testuak biltzen dituen aldarrikapen eta betebeharren artean bada xedapen bat, 1936ko gerra zibilean eraildako Foru Diputazioko langile guztien izenak jasoko dituen plakari dagokiona, euskaraz eta gazteleraz idatzita Nafarroako Gobernuaren egungo eraikinean jarriko dena. Bertan, legalitate errepublikarraren defentsan langile haien lana goraipatu beharko da. 


Legea onartzen bada, itxura guztien arabera espainiar eskuineko alderdien kontrako botoarekin egingo da, hain justu, nafar Gobernuaren lema daramatenen oposizioarekin. Nonbaitetik betearaziko beharko zaie, beraz, legearen edukia upenekoei. Osterantzean, iseka izango litzateke nafar gizartearentzat. 
 



 Argazkia: www.panoramio.como




No hay comentarios:

Publicar un comentario