BILATU

lunes, 5 de agosto de 2013

NAZIOARTEKO MONETA FUNTSA: ZOAZTE PIKUTARA! (1)



Nazioarteko Moneta Funtsak bere enegarren formula itxura bakarrekoa zerbitzatu digu, eta oraingoan soldaten %10ko murrizketa aldarrikatzen du, zertarako den oso garbi ez dudalarik. NMFk hitz egiten duenean -berdin dio bozemalearen nortasunak- soldata huts batetik bizi garenok dardaran jartzen gara.  Erakunde ponpoxo hori zertara dedikatzen den  hilkorretako gehienok oraindik ez dakigula, gorriak eta bi pairatzera kondenatzen gaitu gutaz gogoratzen denean eta gure aldetik arnasa hartu besterik nahi ez dugun guztietan.

Albiste kezkagarri hori iritsi zaigun egun berean, beste berri ekonomiko batek agerian utzi ditu espainiar enpresa handien trikimailuak ahalik eta zergarik gutxien ordaintzeko. Horrela jakin izan dugu Elkarteen Zergarengatik korporazio boteretsuek ordaindu beharko zuketenetik %10 bakarrik egiten dutela. Hau da, % 3 aplikatzen diete euren irabaziei. Gainerakoa euren patriketan geratzen da. Espainiar enpresa guztiek Ogasunera ordaindutakoaren bataz bestea %8' 8 bide da, bost urte lehenago %19 zenean. 

Bien bitartean IRPFrengatik sendiengandik ingresatzen dena errenta gordinaren %11' 9 da, hau da enpresen portzentaje baino handiagoa. 

NMFeko jaun andreok: zerbait ez dut ongi ulertzen. Datu objektibo horien aurrean ez al duzue enpresen konportamenduei buruz (gobernu sozialistaren eta peperoaren eskutik, hori bai) ezer argumentatu behar? Sinesgarritasun pittin bat gehiago emango zeniokete zeuen lanari.  Munduko ekonomiaren desoreka  gu ahulon sorbaldetan bakarrik kargatzen duzuen bitartean, bihotzez diotsuet: zoazte pikutara!



(1) Andra Mari Zuriaren jaia dugu gaur. Nik ere gai alaiagoa aukeratu ahalko nukeen nire zutaberako, ezta? Dena den, zorionak Zuriñe, Blanca, Edurne, Nieves… guztiei.

Argazkiak:
NMF: trebolia.com
Sarea: Tere Anda 


(

No hay comentarios:

Publicar un comentario