BILATU

lunes, 12 de agosto de 2013

HERIOTZAK ERE DESBERDINTZEN BIDE GAITU




Hegoaldean hiltzea iparraldean baino gauza "bixiagoa" zela uste nuen. Behintzat, literaturak, zineak eta baita antzerkiak ere lurralde epeletako heriotza kolore gehiagokoa izaten dela erakutsi digute maiz. Alaiagoa izan balitz bezala. 

Alde horretatik, Oraintsu BBVA Fundazioak kaleratutako ikerketa lan batean azaltzen denez heriotzak desberdintasunak markatzen ditu, azken arnasa ematen duenaren jatorriari begiratuz gero. Eta dirudienez hegoaldekoen heriotzak joera bihurriagoa azaltzen du. Halaxe izango da baldin eta zientzialariek horixe ondorioztatu badute euren datuetatik. Ni ez noa, behintzat, kontrakoa defendatzera. Baina... 

Espainiar estatuan diferentzia nabarmenak ematen bide dira heriotzaren arrazoia eta kopuruari dagokionez. Hego mendebaleko  lurraldeetan askoz datu ilunagoak jasotzen dira iparreko gehienetan baino. Gazteen arteko heriotza maila handiagoa da hegoan eta bihotzeko edota burmuineko infartuak maizago gertatzen dira; halaber, diabetesak eta hipertentsioak zendu gehiago uzten ditu lurralde beroagoetan. 

Heriotza-tasak diferentzien errealitatea utzi du ikerketak agerian. Heriotza-atlasa osatu dute ikerlariek milioika daturekin eta lanaren aurkezpenaren ondoko medioen titularrek hego eta iparraren arteko zulo iluna azpimarratu dute. Baina azalpenak morboarekin zerbitzatu dituztela esango nuke, ipar eta hegoaren tentsio sozial zein politikoa areagotzera alderatu izan balira bezala. Neurri batez, helburua lortu dutelakoan nago, zenbait medio digitalen zutabeetan jarraitu baitut albistearen tratamendua eta irakurleen iritziek, oro har, iparraldekoen "ohiko pribilegioak" haizatu eta jipoitu egiten zituzten, itsukeriatik. 

Argigarria izango litzateke, oraingo ikerketaren datuei desberdintasunaren arrazoien gaineko beste ikerketa sakon bat gehitzea. Behintzat, diot nik, inori mesederik egiten ez dion  behazun tragiko irrigarria ekidin ahal izango litzateke, eta desberdintasunak txikitzen lagun liezaioke txosten argigarriak. Sarritan ipar-hegoaren arteko diferentzia ez baita geografikoa, burukoa baino. Mentalitatekoa. Jarrerakoa. Bizitzari begirako erabakietakoa, hain justu.

Argazkia: Tere Anda 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada