BILATU

lunes, 19 de agosto de 2013

ERLIJIOAK ETA MILITARRAK



Ikaragarri itzela dugu erlijioaren izenean elkar hiltzea. Militarizazioaren garroek erlijioaren alde iluna astintzen dutenean garrasi erdiragarria ozen altxatzen da eta fusilek heriotza ekartzen dute giza taldera. Hori (nire) tesi  bat da, baina erlijioaren desbideraketak fusilak eskuan hartzera gonbidatzen duela idatz liteke ere. Eta bi bideek ondorio berdinera eramango gintuzkete: hondamendira.

Dei dezagun Egipto edo Belutxistan. Berdin dio. Erlijioaren gaineko neurriz kanpoko erabilpenak tragedia sorrarazi du beti, ekialde, mendebal, hego edota iparraldeko kolektibitateetan. Erlijioa gizakien inbentoa da eta horregatik grina guztien arragoa bihurtzen dira gizon emakumeok instrumentalizatzen ditugunean. Gerra santuak zein gurutzadak gizabanakoen ezintasunaren ezaugarri nabarienetakoak ditugu, eta ahalmenik ezak bortizkeriaren abiapuntua gertatu izan dira tximinoa bi oinen gainean ibiltzen hasi zen unetik, edo agian lehenagotik ere.

Irrazionalizazioak hondatu egiten du elkar bizitza, eta erlijioak militar izatezko  muturreko jokaerarekin nahasten direnean ekidin ezinekoa da gizarte eztanda, ez baitago ezer irrazionalagorik  jainkoaren hitza indarrez sartu nahi izatea eta, zer esanik ez, armen bitartez arrazoia ezarri gura izatea baino.

Erlijioak gizakion arteko kohesio gai bezala ikusten dut, elkarri zor zaion begirunetik proiektatua. Osterantzean arma higuingarria bilakatzen dira. Militarren gain, berriz, aldeko ezer gutxi esan dezaket. Baina ezin dut ahaztu pertsonen berezko jokaera arbuiagarriaren seme-alabak direla. Beraz, ia nork konpontzen duen korapilo tragikoa.

Argazkia: www.latercera.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario