BILATU

abuztua 26, 2026

HERIOTZA GOIZTIARRAK


  Nire aitaren heriotzak Uribarri Ganboan harrapatu ninduen, gaur berrogeita hamalau urte. Eta lerro xume hauek toki berberean idazten ari naiz, gutxi gora behera haren bizia itzali zen orduan. Agian, horien bidez, ia-ia ezagutu ez nuen gizonarengana hurbildu nahi dudalako da. 

Berrogeita hamar urterekin hil zen —nik hogeita bi nituen orduan— eta nire hamaseietatik harremana ez zen oso maiztasun handikoa izan, ikasketak zirela eta etxetik kanpo bizi izan bainintzen. Bitxia da haren oroitzapenik biziena noizean behin bidaltzen zizkidan gutunen bidez izatea; esaterako, 1971ko udan Montelarreinan nengoela jaso nuena. Gutun hartan, pazientzia izateko eta Zamorako eskualde hartan egiten ari ginen unibertsitate-milizien prestakuntzako zentzugabekeria jasateko adorea eskatzen zidan. «Denetarako izango duzu denbora», esaten zidan, kanpalekuko egonaldiak zapuztutako nire aldartea hobetu nahian.

Aita baino denbora luzeagoz — gaur % 54 gehiago, gutxi gorabehera— bizi izan naizenez, baliteke benetan denbora izan dudala... gauza askotarako. Baina ez denetarako, noski. Bera hil egin zen nik artean ezagutu ahal izan baino lehen. Haren oroitzapena utzi zidan... baina hori ez zait nahikoa. Eta, nahiz eta badakidan nire ezinegona ez dela inoiz sendatuko, heriotza goiztiar guztien bidegabekeriaren aurka altxatzen naiz.

Argazkia: Ekain

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina