Zerbait egin du ondo EAJk kanalleskatik
hainbeste gezi pozoitsu jasotzeko eta zezen narruko prentsa monokolore
higuingarrian horrenbeste jantzi urradura hipokrita eragiteko.
Jainkoak
-edo deabruak (eta biek?) - babes dezala Sanchez aurrera ateratzen badu bere
egitasmoa.
Ezta Bigarren Errepublikako gobernuetan ere
ailegatu zen hain urruti estatuko politikan. Jakina, ez dira psozialisten
aurreneko asmoak oraingo dokumentuetan islatzen direnak. Ezagutzen ditudan
psoeko militante guztiek oraingo “joko arauak” errotik deitoratzen zituzten
duela hiru hilabete, eta ERC, EAJ eta Ahal Dugunekoak areriotzat hartzen
zituzten, estatuaren batasun sakrosantua arriskutan jartzen zutenak zirelakoan.
Eta orain? Sanchezek aitortu al du, akaso,
oker zegoela? Damutu al dira psozialistak euren lehengo itsukeria
politikoarengatik? Ez! Ez da hori... Orduan? Zer dela eta Gonzalez-Guerra-Bono
eta enparau mefistofeliko eskuinzaleen alderdiko militantzia ustez
independentziaren alde daudenekin ukondoz-ukondo paseatzea? Inork uste al du
ideien mundua eta praktika politikoarena bakoitza bere aldetik ibil
daitezkeela? Sanchezek belarriak ikusi bide dizkio... ez otsoari (agian baita
ere) baizik eta politikaren bide aldrebestuan bakarrik geratzeari. Eta
politikan bakardadeak ezereza dakar berarekin epe laburrera. Sanchezek praktika
politikoa du atsegin. Bidea egin ahal izango duen beste lelo bat da. Nik
behintzat -duela 87 urte euskaldunek Alcala Zamora,Largo Caballero, Azaña,
Negrin eta gainerako politiko subersiboekiko atxikimendua luzatu zuten lez, Sanchez-Iglesias/ERC/EAJ
akordio interesatuan jarri dut konfiantza. Portzierto, estatuko espektro
politikoan psozialista, jeltzale eta esquerrakoak ditugu beteranoak. Zergatik
ote?
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina