BILATU

urtarrila 13, 2020

ARANTXA GONZALEZ LAIA MINISTRO ANDREARI, BEGIRUNEZ


Kanpo Arazoetarako estatuko ministro berria zaitugu eta gipuzkoarra zarenez gero interesarekin irakurri  dut zure ibilbide profesionalaz; eta benetan kurrikulo zabal eta joria duzula aitortu behar dut. Aitorpenekin jarraituz, esan behar dizut ez zintudala ezagutzen, ezta erreferentziaz ere... baina lerro hauek idazten ari naizenerako datu batzuk lortu ditut, nondik eta Beizamatik, hau da zure haurtzaroaren zatitxo bat eman zenuen herrixkatik.

Gauzatxo bat esango dizut: zuk hiru urte zenituela heldu nintzen ni lehen aldiz Beizama Unibertsitatera, hilabete batzuk emateko asmoarekin. Beraz, baliteke inoiz kalean zu zure gurasoekin - aita bertako maisua- eta ni Urki baserriko irakasle lagunekin elkar topatzea. Eta zuk zer egiten zenuen Beizaman? edota Noiztik arruti-olazabaldarrak irakasle? galdetuko didazu, jakin baitakit lagun dituzula.

Begira, zuk garai hartan modu naturalean erabiltzen zenuen hizkuntzaz jabetzera ailegatu nintzen ni Urkira. Eta bertako maisu-maistrak euskararen bidean ipini ninduten. Eta ministerioko maizter berria euskaraz aritzeko gai dela gaur goizean jakin dudanean, gure hizkuntza pixka bat goratzeko aukera beizamatar batek eduki dezakeela pentsatu dut. Euskara apur bat herdoilduta eduki arren -horixe adierazi duzu, behintzat- lasai ibili, ez dizut eskatzen Trumpekin edo Brexiteko Johnsonekin gurean mintzatzea. Ez, hainbesterako ez da. Begira, badira
herdoilaren kontrako dekapanteak eta horietako onena hizkuntzaren erabilpena da. Horregatik, saia zaitez apurtxo bat euskaldunona goian uzten, bere osasun makalerako aplika dezakegun tratamendurik hoberena baita.

Beizamatik mundura!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina