Aurre egingo diot
erauntsiari, kontrako haizeari, jakinda, noski, tartetxoak irabazten joan behar
natzaiola, engainatzen banenbilkio bezala, indarrak uneoro neurtuz. Bizitza
maite dudalako zuhurtasunez aritzea dagokit, zalapartarik gabe, urratsez
urratseko erritmo konpasatuan. Baina amore eman gabe.
Adiskideek naramate
eskutik eta bat dagite eurek nirekin, elkarbizitza duin eta eragingarrian
barrena segi dezagun. Ez naiz ezer horiek gabe eta, elkarkidetza perfektua emango
bada, sostengu baliotsua natzaie, borobiltasunean. Horixe besterik ez da gogo
betetasuna. Formula horretan datza zoriontasunaren gaineko sentsazioa. Eta
itxaropenean bizi naiz, etenik gabeko ahaleginean.
Zeru izartsuak harrapatu
nau abuztuaren hondarretako gau epel honetan eta hilean gure artetik joandako
lagunen gomutak puntu iluna jarri dio edertasunari. Gero eta zirkulu txikiagoan
dut harreman sarea ehuntzen, baina korapilo bakarra geratzen zaidan bitartean
saiakeran iraungo dut, zutik.
Argazkia: Tere Anda
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina