Abuztuak 5, Andre Mari
Zuriaren eguna. Gasteizko jaiak hasi dira eta, esloganak dioenez, Arabako
hiriburura zerutik jaitsi da alaitasuna, teorian bederen gure artean 10era arte
egongo dena. Beraz, goza dezagun jai giroa eta gero gerokoa.
Gogoratzen dut 1983ko
abuztuan, orduan estreinatu berria zen Euskadi Irratian elkarrizketa bat egin
zidatela, Gasteizko jai nagusiei buruz hitz egiteko. Nik orduan Donostiako “Hoja
del Lunes” astekarian idazten nuen Arabako gaiak ardatz hartuta, eta irratian
pentsatu bide zuten ni nintzela pertsona aukerakoa Gasteizko jaien
errealitateari errepaso bat egiteko. Esatariak ezer gutxi zekien Zeledonen
gain, ezta gainerako ospakizunen inguruan. Arabako hiriburua ezezagun handia
genuen, euskaldun gehienontzako hedabide komun baten faltan. Euskadi Irratia
bitarte hori betetzera zetorren, pixka bat geroago ETB etorriko zen bezalatsu.
Hogeita hamasei urte geroago gauzak aldatu egin dira eta Zeledon gasteiztarra
euskaldun guztien ondasuna bilakatu delakoan nago.
Ez noa epaitzera EITBren
Arabarako arretak beste herrialdeei eskainitakoarekin parekorik duen. Ez da
gaurko idazkiño honen helburua. Baina komunikazioaren bitarteko horren gain
esan daitekeena da, modu positiboan eragin duela Euskadiren artikulazioan.
Ezetz?
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina