BILATU

apirila 22, 2013

ZERTARA DATOR GREBA OROKORRA?



Iritsi zaizkigu lehen kanpai hotsak hurrengo greba orokorraren gain. Maiatzaren 30ean izango denari buruz mintzatu zaizkigu dagoeneko sindikatuetatik. Eta zoritxarrez  ez dute diskurtsoan ohiko predikutik ezertxo ere aldatu. Antzutasun berdintsutik segitzen dute jo eta ke. Badirudi ez direla enteratu gauzak aldatzen joan direla azken hamarkadetan.


Inoiz ez da gure ekonomia hain ahula izan. Sekula ez zaigu orain bezain etsigarria gertatu industriaren egoera. Inoiz ez dugu hain etorkizun beltzik ezagutu. Eta batzuek euren erretolikarekin segitu nahi dutela ematen du, azken hamarkadetan jaso den mundu irrealaren harri-kartoizko ormak erortzen ari direla ikusi nahi izango ez balute bezala. Ala hori estali nahi  digute grebako aldarrikapen berrietatik? Begira dezagun ezker eta eskuinera eta azpimarra ditzagun gure ekonomiaren puntu ahul eta indartsuak. Zer mapa daukagu? Greba orokorrarekin konpontzerik al dago hain erretratu krudela? Betiko behiari lehortu egin zaizkio errapeak. Beraz?
 

Krisiaren zuloan gaudela arnasa nola har dezakegun asmatzea da lehen-lehenik, zulora zergatik iritsi garen jakitea bigarren (edo hirugarren) mailako inkognita bihurtzen delarik.  Eta zulo etsigarri horretan gaudelako norbaitek erakutsi beharko liguke, denoi, gutxiagorekin eman behar  dela epe labur zein ertaineko desertu-kalbarioa. Soberako gastuak "sakrifikatu" behar dituela esan beharko litzaioke argi eta garbi gizarteari, behiak ematen ez duenean beste berri bat ekarri behar baita, osasuntsua, eta inbertsio horretan daukagun guztia eskaintzea dagokigu alaitasun okerrerako zirrikiturik gabe. Gerrikoa estutu beharra dago, denon alukeriaren ondorioz pobretu egin gara-eta. Eta libre dagoenak jaso dezala besoa.


Grebak ez du ezer konponduko ez bazaio irudimenezko neurri berritzailerekin laguntzen. Eta, zoritxarrez,  ez dut irudimenik antzematen gure sindikatu-buruengan. Euskal gizarteak behar ditu ilusioa piztuko dioten liderrak, egun inondik ere igartzen ez direnak. Politiko, enpresari, sindikalista eta gizarte-eraikinaren mota guztietako eragile irradiatzaileen premian gaude, paradigma obsoleto eta aldarrikapen zaharkituen arropaz erantzita. XXIko eszenategia ezin da XIXko proklama hutsez jaso. Grebarako deiak ez dio ezer gehiagorik ekartzen egoera ilunari, etsipena biziarazteko  erregaia baino.

Argazkiak: Diario Vasco

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina