BILATU

lunes, 10 de septiembre de 2012

KRISIAREN AURREAN, IZPIRITU PARALINPIKOA


Zorioneko krisia -ekonomikoa, jakina- askoren bizitza-ibilbidea zailtzen ari da. Duela gutxi, sakon estimatzen dudan bikote gazte batek esaten zidan ziur daudela aurrera aterako direla, ez baitute euren indarretan itxaropena galdu, eta kostako zaien arren garbi dutela mundu honetara borrokatzera etorri direla. Unean bizimodua konplikatu zaien arren, krisi ekonomikoak astindu baditu ere,  ez diote krisi moralari zirrikitu txikiena ere utzi, alderdi materialetik gainera datorkienari zentzu osoz heldu ahal izateko eta betiko duintasun etikoan bizitzen jarraitzeko.

Horixe da bidea. Nork bere baitan dituen balioak -ez naiz enpresen akzioetaz ari, noski- goiburutzat hartuta ez dago munduan pertsona bat ere bere gogo-eraikinetik lurreratzerik.  Badakit gauza bat dela diskurtsoetan galtzea eta beste bat labetik babak atera behar izatea, batez ere lagun hurkoarentzat direnean. Baina inora ailegatzen ez den bakarra, abiapuntutik atera ez dena da, eta hain egia borobilak lagundu beharko liguke irtenbideak bilatzen, edozertarako. Egiaztapen erabatekoa da, gauza bakar batek ez duela irtenbiderik: heriotza. Eta horren zain etsita egon beharrean, gehiengo ia absolutuak nahiago dugu ahal den moduan bederen aurpegia ematea, bada ezpada ere.

Igandea amaitzear dela, Londresen bukatutzat emandako Joko Paralinpikoetako irudiak oraindik  nire burmuinean pil-pilean daudenean, txaloak eta mirespen zakukada handia luzatu nahi dizkiet bertan aritu diren guztiei, nire eskerronarekin batera. Eta ez, hain zuzen, atletikoki superman edo superwoman tipikoaren emaitzak lortzeagatik, baizik eta harkaitzezko duintasuna erakutsi dutelako euren ihardunean. Beraiek izan dira, telebistak haien irudiak zerbitzatu ez dizkigun milioika pertsonen ordezkariak. Eta garbi asko azaldu eta irakatsi digute, miseria biologiko eta sozialaren gainetik beti dagoela gizon emakumeon borondatea eragozpenak gainditzeko. Ez dut atleten izenik gogoratzen. Hori gutxienekoa da. Inportanteena da, ikasgai magistral bat eman digutela munduko hiritar guztioi. Izan nahi dute euren etorkizunaren jabeak.

Krisiak –edozeinetakoa- ez dira horrenbestekoak baldin eta prest bagaude zentzuz eta gogoz borrokatzeko. Izpiritu paralinpikoaz baliatu beharko ginateke uneoro krisiari abantaila hartzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada