BILATU

lunes, 17 de septiembre de 2012

GALDEZKA ARI NAIZ SARRITAN



Asteburu eguzkitsua izan dugu eta udaren hondarretan une baketsu eta goxoak disfrutatu ditut, munduko hainbat tokitan -gugandik ez hain urruti ere- bortizkeria nardagarriaren zigorrak hiritarren bizkarrak berotzen zituen bitartean. Patu miserablea, alajaina!, batzuen ongia lortzeak gehiengoaren gaizkia adierazten duena.

Lurraren bira bakoitzeko tarte mugatuan ad infinitum luzatzen den zoritxar-soka dardaragarriak lotzen gaitu errealitatearekin eta giza espezieari buruzko zalantzak sortzen zaizkigu etengabe, horiek inoiz argibide izango ote duten ez jakitun geratzen garelarik. Hain sakona da gure axalkeria!

Bizitzaren liburu egiatiak hamaika aldiz errepikatuko baligu eta egiaztapenen filma gure begien aurrean behin eta berriz pasatuko balitz ere ez genuke ikasiko: lorpenik bikainenak ez du inoren pairamendurik merezi, ez du kalte bat ere justifikatzen. Baina gizon emakumeok hori ulertzerik ote dugun da asaldatzen nauen aurreneko galdera nagusia. Gero besteak datoz.

Eta adinean aurrera noala, hainbat eta hainbat galdegai atzean eta erantzun gabe uzten ari naizela, beste duda baten itzal luzeak sosegatu nahi banindu bezala dabilela iruditzen zait: ez al zaigu aski izango gure baitan ezezagunaren bila jarraikian aritzea, ihardespenik gabeko ezkutuetarako berezko giza ezgaitasunaren aurrean etsitu barik? Izan al daiteke hori jainko ezezagunarekin topo egiteko bidea?
Argazkia: Tere Anda

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada