BILATU

lunes, 14 de mayo de 2012

KRISIA ARGITALETXEETAN

Itxura denez argitaletxe handiak, euren emaitza kontua zifra beltzez ateratzen saiatzen diren enpresa  txikiak jaten ari dira espainiar zeru azpiko orubean eta, oro har, lur azal osoan. Nihil novum sub sole, ezer berririk ez zeru azpian, irarkola asmatu zenez geroztik... edo, estutuko banindute, baita lehenagotik ere.

Argitaletxe txikiak independentziaren sinonimotzat hartu dira literaturan, eta normalean hala izan dela esan liteke. Argitalpen-lerro konprometituagoekin lerrokatuta, sortzailean -egilean- arriskatzen dute gehiago eta irakurlego murritzagoko merkatuetara azaldu dituzte euren katalogoetako tituluak. Eskaintza kualifikatu horren sorburuan gizon-emakume berezi samarren bat izan da beti: literaturari hego askeen aukera eman nahi izateaz gain... lantegi horretan dirurik ez galtzea helburu izan duena. Bata ez baitago bigarrenarekin haserre. Are gehiago, elkarren ondoan joan behar dute argitaletxeak fruitu onak ematen iraungo badu.
Ene irudiz, konpromezu artistikoarekin zintzo jokatu duten argitaletxeei ez diete kalte handirik eragin euren estrategia komertziala  best seller-etako formulan oinarritu dutenek. Diseinuko sarrailgintza eta ferreterietan saltzen dena zuzeneko lehiakide ez direlako arrazoi berdinarengatik. Bezero desberdinak edo, behintzat, abaguneko xede diferentekoak dituzte literatura mota biek. 



Bi sektoreak osagarriak dira, eta bakoitzak bere erronkei eutsi ahalko lieke baldin eta lehiaren arau mugatzaileei lotuko balitzaizkieke. Baina badakigu arrazoinamendu hori funtsik gabeko ilusioa dela. Hazkunderako bien nahiak baten ahulezia ekarriko du, normalean. Txikiena kaltetuta, ia beti.




Eta labaindura arriskugarri horretara merkatuaren jarrera pasiboak lagun dezake. Bezeroak bere ahalmen kritikoa galtzen badu eta prest badago literatura konprometutzat zelofanezko paperean bildutako edozein eskaintza hartzeko... orduan tristeena irakurlegoaren ergelkeriaren sintomak dira. Horixe dugu itzuli zaileko punturik latzena, gizartearen osasun intelektualaren berreskurapena konplikatua bilakarazten duena.



Hori horrela, gaixoaren susperketarako labur zein epe ertaineko itxaropenak hutsaren hurrenak izango lirateke. Baina tunelaren iluntasunean beti edukiko dugu argi izpiren bat, menzuloa izango bada derrigorrezkoa baitu bertara sartzeko zuloa, argi errainurako zirrikitua. Eta literatura aske eta konprometituak bizirik segituko du, gizon-emakume askeak diren bitartean. Ekonomiaren araurik hertsienek ere ezingo diote hari aterik itxi, aske izateko gogoa libre baita, pertsona morroilpean kateatuta egon daitekeen arren. Argitaletxe handi baten logistikari lotuta edo merkatal zirkuitu nanoetara atxikia,  literatura konprometituak -marginala, beharbada- aurrera segituko du. Hura idazteko norbait gertu egotea da inportanteena.
Argazkiak: 
1.- adictamente.blogspot.com
2.- tere anda

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada