BILATU

lunes, 7 de mayo de 2012

HOGEITA HAMAZAZPI URTE


Halaxe da, bai, jaun-andreok! Gaurkoaren gisako egun batean -asteazkena suertatu zen 1975ean- ezkondu egin ginen Edurne eta biok. Zientzia fikzioa irudituko zitzaidan egun hartan norbaitek esan izan balit, nire irakurleekin zuzeneko konexioan jarriko nintzela efemeridearen berri emateko!

Eta hementxe naukazue hogeita hamazazpi urte geroago,  nire gogoko ohiko betebeharrari bide emanez eta halaber fikzioaren mitoa lurrera erorarazteko beste urrats batekin aurrera eginez. Izan ere, errealitateak edozein asmakuntza gaindi dezake. Eta fikzioak ez du zerikusirik izan gaur ospatzen dudan urtebetetzearekin.

Erreala izan da bidea, errealak ezker eskuin aurkitutako oztopo, laguntza, tristura eta alaitasunak eta erreala ere askotan ezerezetik atera behar izan dugun kemena. Den-dena egiazkoa, mamitsua.

Merezi izan du. Bidaiari ekin genionean ezer gutxi genekien bizitza-itsaso zabalean izango genituen uhinetaz. Baina gure indarretan genuen konfidantza eta ez genion erantzule izateari muzin egin. Atzean geratu dira bizi izandako une zail eta goxoak, baina espazio berriak geratzen zaizkigu exploratzeko. Horretan ari gara egunero, ezezagunaren zain, baina itxaropentsu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada