BILATU

miércoles, 7 de septiembre de 2011

EUSKARA, KATALANA ETA ESZENATEGI POLITIKO BERRIA



Azaroaren hauteskundeetara ailegatzen ari garen heinean eztabaida politikoa areagotuko da alderdi eta eragile politikoen artean. Horretarako ditugu politikoak, ideologia desberdinetako ordezkari direnak, nahiz eta daramagun gain beherako martxa honetan diferentzia politikoak non dauden asmatzea gero eta ariketa zailagoa bihurtzen ari zaigun.

Katalunya aldean pizturiko hizkuntza-istilua bizi ari garen uneotan, euskaldunok ezin dugu ahaztu euskararen kontrako erasoak ere izan direla iraganean, ongi orkestratuak, nondik-eta katalanaren erabilera askea eragozten ari den tipologia bertsuko pertsonaiengandik. Auzitara jo zutenek jakin badakite –bazekiten, salaketa ipini zutenean ere- katalanak ez duela inondik ere espainiera arriskutan jartzen, baina beldurraren estrategiari eutsiz eta espainiar medio askoren laguntza ordain ezinarekin, bozgorailuak piztu dituzte, botoen arrantzan ale batzuk irabaztearren. Ez da txikikeria, alde horretatik, Katalunyan, Euskal Herrian bezala, bertakook ez ezik gero eta etorkin gehiago bizi dela, eta horiengana beldurraren haziarekin zipriztintzeak inperio sakro santuaren aldeko uzta ekar dezakeelakoan ari dira betikoak. Inork sinesten al zuen euskarak gaztelania arriskutan ipintzen zuena?
      
                         PSOE-PPko gobernu batekin Gasteizen –ongi idatzi dut, PSOE-  hizkuntza eztabaida ez da hain bortitza gurean, ez –jakina- Celaa eta enparauek euskararekiko euren jarreran oraingo Generalitatekoek bertoko hizkuntza baino tinkoago defendatzen dutelako, baizik eta –justu- kontrako arrazoiarengatik. Eta ez dute Lakuako maizterrek brunete mediatikoaren grina sorrarazten euren politika linguistikoarekin, batzuek eta besteek uraska berdinetik edaten dute-eta. EAEn behintzat, azaroaren 20 bitartean eztabaida horretatik libre egongo gara... euskararen kaltetan, noski.


Argazkiak: 
http://www.que.es
http://www.socialistasvascos.com

2 comentarios:

  1. Katalanagatik esaten dekanaz bat natxeok, baino ez diat ondo ulertzen Euskal Gobernuaz zer esan nahi dekan. Eusebio

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko irakurtzegatik!
    Begira, Lakua eta medioak -euskal "birusak" jota ez daudenak, noski- uhin berdintsuan ari dira hizkuntza politika dela-eta. Horrexegatik ez dute inoiz auzirik sortuko, zalapartatsua. Zer kontatuko zioten, bada, espainiar merkatuari (benetan interesatzen zaienari)?

    Auzia, pentsatzen dute, sor dezatela euskaltzaleok! Baina, hori bai, gure estalpe mediatikorik gabe.

    Beraz, automatikoki, auzia, etxe-auzia da; hau da, euskaltzale folkloristak bilakatzen gaituzte, gure ezintasunean.

    Nahi baduzu, ostiralean segituko dugu horren inguruan.
    Besarkadarekin

    ResponderEliminar